XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) lurraldea frantziaratuta edo independentziara jota egoera iraultzea eta noraeza ekar zitzakeen, gizartearen bizkarrezurrari batere onik egin gabe.

Gizartearen muinean zeuden nagusi famili haundiek nahiz maiorazgo txikiek herrietako plutokrazia osatzen zuten, erakunde politikoetan jaun eta jabe ziren eta bakarra ez baina gizatalderik antolatuena eta trinkoena osatzen zuten.

Horregatik guztiagatik, tradizioaren alde atera ziren aho batez, zarata eta hots haundirik gabe baina irmo.

2.- Baina iraultza frantsesak Gipuzkoan izan zuen eragina eta irispena jakiteko probintziaren ezaugarriak ezezik estatuaren ezaugarriak aztertu behar ditugu, azken batean Gipuzkoa Espainiako Koroan sartua baitzen bete-betean.

Estatuak gauzak arrazionalizatzeko eta administrazio guztia berdintzeko ahaleginak egin arren eta prozesu hartan liskar haundiak sortu arren, monarkia absolutuaren eta foru erakundeen arteko harremanak oso sendoak ziren.

Are gehiago, esan daiteke lehenengoa behar-beharrezkoa zitzaiela bigarrengoei.

Foruak gizataldeen askatasuna zekarten ez herritarrena, ordea, herritartzat hartuta eta nekez etor zitezkeen bat iraultzak zekarren sistemarekin.

3.- Burgeseria trinkorik ez zegoen hemen eta, beraz, besteak beste bandolerismoa adierazle nabarmen zuen gizarte banatu hartan ez zegoen herritarren haserrea iraultzaren alde antolatuko zuen talde gidari jakinik.

Gizaldi osoan zehar nabaritu zen burgeseria hura ez zela gauza merkataritza aurrera eramateko eta merkataritzan oinarritutako kapitalismoaren dinamika oso-osorik bere egiteko.

Izan zen, bai, talde bat bere burua frantsesekiko solaskide izateko eskaini zuena, baina haiek ere ez zuten jardun foruen sistema desegitea posible ikusi izan balute bezala.

Hain zuzen ere Moncey jeneralak Termidorreko Konbentzioaren aurrean foruak errespetatzearen alde jardun bazuen, solaskide gipuzkoar haiek konbentzitu zutelako izan zen zalantzarik gabe.

4.- Kontuan hartu beharreko beste faktore bat egokiera falta izan zen.

Badugu behar adina arrazoi eta aztarna esateko pentsamolde aurrerakoieko jendea ezagutzen dena baino gehiago zela.

Jende multzo hura, gutxiengoa izanda ere, kontuan hartzeko adinakoa izango zen seguru asko.

Baina, itxura denez, joera hori zuten gehienek, abagunerik ikusten ez zutelako edo, (...).